Lan-mundua etengabe ari da bilakatzen. Aldaketa sozialek, kontsumo-ohiturek, teknologia berriek, krisi ekonomikoak, erabaki politikoek eta globalizazioak eragina dute lan-merkatuan.Gaur egun lana bilatzea ez da duela urte batzuk bezalakoa. Lehen CVa postaz bidaltzen zen; lan-egoera berriaren ondorioz, ordea, estrategia nahiz gaitasun pertsonal eta profesional ugari izan behar ditugu, eta lan-etorkizuna markatuko duten joera batzuk hartu behar ditugu kontuan:
- Gaitasun digital aurreratuak. Jada ez da nahikoa Internet erabiltzea edo mezu elektroniko bat bidaltzen jakitea. Big Datak, adimen artifizialak, robotikak eta abarrek oso eragin handia izango dute etorkizuneko enpleguan, haiekin zerikusia duen guztia kudeatu, kontrolatu eta eguneratuko duten adituak beharko baitira.
- Lanbide-profil kualifikatuak eta parte-hartzaileak. Adituak izango dira garatzen diren lan-eremuetan. Halaber, enpresaren erabakietan parte hartzea eskatuko dute, kudeaketaren gardentasuna aldarrikatuko dute eta zuzendaritza-estilo horizontala eta lanean zoriontasuna bilatzean oinarritutako sistema hobetsiko dituzte.
- Produktibitatea eraginkortasunaren adierazle gisa. Produktibitate handiagoa eta ordu gutxiago lantokian! Horri esker, denbora hobeto kudeatuko da eta langileen motibazioa areagotuko da.
- Talentua kudeatzea. Langile kualifikatu eta produktiboenak atxikitzea da lehentasun nagusietako bat. Horregatik, enpresek talentua kudeatzeko estrategiak izango dituzte, langilearen potentziala garatzen lagunduko dute eta haren ahalegina eta enpresari egindako ekarpena sarituko dituzte.
- Mugikortasuna handitzea. Teknologia berriak indartzeak aukera ematen du bulegoa ez den beste leku batzuetan lan egiteko. Enpresa-mugikortasunak langileen inplikazioa bultzatuko du, kontziliazioa hobetuko du, arreta eta sormena bultzatuko ditu eta denboraren kudeaketa optimizatuko du.
- Talde-lana. Badakigu talde-lanak konfiantza-giroa sortzea errazten duela, ezagutzak partekatzen laguntzen duela eta bizikidetza sustatzen duela. Lan-dinamismoak indibidualismotik talde-lanerako joera aldatuko du, eta emaitza hobeak sortuko ditu.
- Malgutasuna lan-merkatuan. Bizitza osorako enplegua desagertu egingo da. Eginkizun, lan eta proiektuen aldaketak ohikoak izango dira, eta askotariko enplegatzaileak izatea nagusituko da, baita lankidetza profesionaleko sareen bidezko lana ere.
- Coworkinga sendotzea. Lankidetza profesionaleko ekosistemak eta proiektu anitzeko guneak ohikoak izango dira, eta ez berritasuna; izan ere, lan-malgutasuna areagotzeaz gain, produktibitatea eta sormena sustatuko dituzte.
- Enpresen gizarte-erantzukizuneko politikak. Enpresaren gizarte-erantzukizunak eragin positiboa du langileengan, enpresan eta emaitzetan. Langileek enpresarekiko duten konpromisoa handitu egingo da enpresak gizarte-erantzukizuneko programa eraginkor eta sinesgarriak ezartzen dituenean.
Comments
Leave a reply